PETER HANDKE:  INTRIGA GABEKO NARRAZIORAKO  IDAZKERA BERRIA[1]

 

Vicente Huici

 

Mertxeri

 

“Aber ich lebe nur von den Zwischenraümen...”

 

Peter Handke, idazle austriarraren lana, narrazioa, antzerkia, poesia, dietarioa, erreportaia eta zinemaren bideetan hedatzen   da, sormen eta auto-erreflexioaren arteko konbinaketa zintzo batean[2].

 

Hala ere , eta eleberrigiletzat ezagunago den   arren, berak ez du eleberririk idazten, XIX. mendean sortu zen eleberri ereduaz ari bagara eta  eleberria espazio eta denboraren narrazioa jarraia eta homogeneotzat badaukagu  eta, funtsean, ekintza eta zentzuaren batasuna duen eleberritzat ari bagara.

 

1.- Intriga gabeko narrazioa.

 

Aspektu hau askotan komentatu du Peter Handke berak : “ Idazten nuenari  ezin nion inoiz deitu , kontzientzia garbiarekin, eleberria ... Nik beti ikusi izan dut  nire lana narrazio luze bat bezala ” [3] ( A,97) [4]. Eta , egia,  Handkek idazten duena, narrazioak dira, eta , konkretuki,  intriga gabeko narrazioak.

 

Eleberri konbentzionaletara ohituetakoei ezinezko, eta, beharbada, irakurgaitz iruditzen zaie intriga gabeko erregistro narratibo bat daitekeenik, intriga eta narrazioa  beti elkarrekin agertu behar direla suposatzen dutenez. Eta , noski, irakurle ( eta idazle) bakoitzak ba du bere eskubidea suposizio guztiak egiteko eta Josep Plak deitzen zituen  “ jende  helduarentzako ipuinak” dastatzeko. Baina hau ez da Handkeren kasua.

 

Eta horrek ez du esan nahi  Stendhal edo Flaubertek egindako lana  edo gaur egiten diren eleberriak Handkeri gustatzen  ez zitzaizkionik  , ez bada  bere idazkerak, kontzienteki,  beste egitura molde bat hautatu duela bere   bilakaerarako.

 

 Gure gizarteetan, intrigadun narrazio txiki moduan , telebistek bateratua banatzen duen ohizko kronikatik arras aldentzen den egitura moldea  : “ Zer daki, egiazki, errealitateari buruz irudi bat, besterik  jasotzen ez  duenak, edo,  telebistetan agertzen diren berrietan bezala,   irudi baten laburdura, edo, sare telematikoen kasuetan, laburdura baten laburdura jasotzen duenak? “ ( WR,33).

 

Beste egitura molde bat Historiaren ekarpenekin alderatu ezkero, aldendu egiten baita  Historiatik lerratutako   egitura dramatikotik ere , zentzu bateratu batean – sarritan kolektiboa  eta kolektibogarria –  gaur egun Deus-in-terra den Estatua nola edo hala legitimatzeko edozein eskarmentu subjektibo suntsitu nahi duen egitura dramatikotik:    “ Eta , orduan,  indignazioa agertzen da, edo, askoz hobeto,  amorrua, eta  haien bizitzetarako Historia behar dutenek, hustasun existentzial horiek,  madarikatzen ditu, eta , gainera,  bere historia propioa ukatzen du ...” ( KG, 79).

 

Intriga gabeko narrazioa egiteko asmoa garbi uzten da Die Geschichte des Bleistifts lanean  Handkek idatzi zuen aipamen honetan: “ Haikuek[5] egindako epopeia bat, haikuak bata bestearekin  kateatuz; argudio barik, intriga barik, dramatismo barik, eta, dena dela, narratiboa; ez zait bururatzen ezer bikainagorik  ” ( GB, 51).

 

Handkek, bere proiektu  narratiboa ez-eleberrikoa aurrera eramateko erabiltzen dituen prozedurak hiru dira funtsean.

 

Lehenbizikoa, eredu narratibo konbentzionaletan  dramatismoa hustea,  “ planteamendua-korapiloa-amaiera”  eskema klasikoa suspendituz. Holan, nahiz eta batzuetan  “formazio-eleberri” [ Bildungsroman/Entwicklungsroman] eredua erabili, Langsame Heimkehrek hasitako tetralogian egin zuen bezala , Handkek  distantzia egoki bat hartu ohi du  ikuspuntu narratibo ezberdinetan giltzatua, niaren apologia bat ez egiteko, eta, “  babestutako kontzientzia burgesaren egozentrismo oroipentsua  eta  gogorapen plazerra” ( GW, 94)  aparte uzteko.

 

Beste alde batetik, hustuketa horrek ez du , helburutzat ,  eredu konbentzional horiek desegitea, Musilek edo Joycek egin zutenez, Handkek ez duelako nahi ez eleberri ez anti-eleberririk – “ super-eleberri itzel horiek! “ ( A, 35) – idaztea.

 

Bigarren prozedura, Budismo-Zen[6] praktikan erabilitako Koan hastapenaren aplikazio iaioa da. Hastapen horren mamia, aurrez planteatutako oso aspektu inportantearekiko  arreta haustea da,   pentsatu gabeko irtenbide harrigarri bat hartzerakoan.

 

Askotan erabili ohi du desbideratze hastapena , nabarmenki  Langsame Heimkehr edo Der Chinese des Schmerzes  lanetan,  baina baita beste hainbat  idazkietan ere, intrigara konturatu barik  ez ailegatzeko helburuarekin. Handke berak komentatu zuen, Hervé Guibertek egindako  elkarrizketa batean: “ Cuando creo en mi relato ese espacio que puede acoger la desviación, siento que estoy en el buen camino... Es un descanso, porque el peso del discurso se relaja”[7] .

 

Gainera, prozedura horrek eten egiten du hurbilketa narratiboei darien diskurtso tradizional konbentzionalaren kutsu zurrun eta transzendentala: “ Desbideratzearen artea, artearen benetako desbideraketa  gisara” ( WR, 135).

 

Azkenengo prozedura , konkretuaren narrazioa mamitzat  hartzea da. Konkretua intriga barik agertzen da, baina nahikoa da idazketaren bultzada pizteko. Hona hemen , berriro, Handkeren hitzak: “ Deskribapen bat egiten denean, mirespenaren lekukotasuna ematen da. Ondoko objektuen aurrean, ikusten eta etzuntzen denaren aurrean, mirespena eta berotasuna ateratzen dira... Zuhaitza, mutikoa, agurea, jendea, autobus batean bidaiatzea, dena... Niri konkretua interesatzen zait, besterik ez, eta konkretuarekin idazteko gogoa hasten da” [8] .

 

Narrazioa bihurtzen da , orduan , konkretutik  oso gertu den  diskurtso bat, non  zentzuen  aurremugetara itzultzea ia ezinezkoa den .

 

Zalantza barik, hirugarren prozedura hau, oso hurbil dago errealitatearen aurreko irudiak suspenditzeko ahalmenetik –  epoje fenomenologikoa bailitzan   –.  Honela lortzen da , Handekeren iritziz beharrezko den ,    arreta pausatua : “ Gizakiaren egoera inportantena atsedena da,  baretasunean ohi daitekeen arreta ,   onartzeko eta jasotzeko   gaitasuna, epopeia somatzean ikustea...” ( A, 42).

 

Prozedura hiru hauen bidez konposa dezake  Handkek intriga gabeko egitura narratiboa . Ikusteko geratzen dena , orain,  horretarako idazlearentzat zein    idazkeraren mota izan daitekeen egokiena,

 

 

2. – Idazkera berria.

 

Handkeren idazketak  baditu oso ezaugarri bereziak. Alde batetik, genero-artekotasuna da , non, idazketa narratiboa oinarritzat hartuz , zabaldu egiten den    poemaranzko joerarekin  edo poemaren eta gai dramatikoaren aukerarekin berarekin” (A, 98). Alderdi hau ikusteko, Langsame Heimkehrek hasitako tetralogia, berriro,  oso emankorra da: lehenbiziko zatia hirugarren pertsonak egindako narrazioa da, espazio eta denborari buruzko burutazioak[9] bigarren pertsonak asmatuak izanik; bigarren zatia – Die Lehre der Sainte- Victoire  – lehenbiziko pertsonak egindako bidai kontakizun batez  aurkezten da, arteari dagozkion meditazioak sakabanatuz ; Kindergeschichtek  – hirugarren zatia – kondua hartzen du, berriz, gurasoen eta semeen arteko harremanetatik ibiltzen. Azkenengo zatia -  Über die Dörfer  – poema dramatiko bat da.

 

Bigarrenez, Handkeren idazketan  irudiak  dira nagusi , eta ez darabiltza  kontzeptuei lotzen zaizkien  hitzak    kontzeptuek ematen duten bakuntzea eta osotasun  asmoa ekiditeko “ ( AW, 74).

 

Irudiek aurrera ekartzen dituzte  errealitateri buruzko  ikuspuntu ezberdinak eta errealitate ezberdinak . Kontzeptuek, aitzitik, abstrakzio baten produktua direnez , errealitateari buruzko ikuspuntu ezberdinak batzen dituzte eta, orduan, “ narratiba idazteko lehenbiziko oztopoa bihurtzen dira” ( AW, 74).

 

Horrexegatik, esaten du Handkek, “  idazterakoan, ikusten baldin badut ateratzen ari zaidala kontzeptu baten  hasiera , buelta bat ematen dut, ahal bada, beste norabide bat hartu , inguru ezberdin baterantz joateko” ( AW, 74). “ Egizu abstrakzioa, hori bada  aukera bakarra  eta  horren ondorioa ederra bada” ( GB, 81 ) esaten du  Handke  berak beste leku batean.

 

Handkeren idazketaren bigarren ezaugarri honen ondorio zuzena irakurleei   irudien  bidez hausnar araztea  ez kontzeptuen bidez  ,  eguneroko bizitzaren  agerpideak jasotzeko: “ Inolako irakurketak ez du inolako zentzurik eguneroko esperientzia barea ez baldin ba du irakasten” ( GB, 215) .

 

Hirugarrenez, Handkeren idazketa,  mimesirik planteatzen ez duen idazketa da. Orduan, idazketa  honek ez dauka, helburutzat , errealitatea imitatzea , errealitate faktikoaren aurrean  beste  hitzkuntz-errealitate bat ipintzea baizik. Izan ere, errealitateari buruzko begiradak aldatu nahi dituen idazketa artistikoa baita[10].

 

Puntu honetan, Handkek  Cézanneren teoriak[11] barneratu ditu, Die Lehre der Sainte- Victoire  lanean ,  protagonista baten bidez, aipatzen denez: “ Cézannek  esaten zuen  berak ez  zuela margotzen berezko eran, baizik eta  Naturaren pareko pintura harmonikoa eginez ” ( LS, 64).

 

Gainera, idazketa era honek asmo bi, eta itxuraz elkarren arteko aurkari direnak  , dauzka. Alde batetik, idaztera bultzatzen du irakurlea  – “ Niretako hau da  bikainena: beste bati entzutea  nire idazketak mugiturik hasi zela idazten  ” (  A, 73) – baina, beste alde batetik,  Handekeren idazketak  irakurtzea ( eta beste aldeko praktika diskurtsiboa) lagatzera  eramaten du irakurleari, bizitzako munduan[12] sartzeko: “ Liburu hoberenak,   atseden bat izateko, begirada  altxatzeko , arnasa trankil hartzeko, paisaia ikusteko eta eguzki-printzak bainaturik izateko – nahiz eta  eguzkirik ez izan - posibilitatea ematen duten liburuak dira” (  GB, 63).

 

Mundu bizirainoko itzulera honek   inguruan dauden gauzekiko arreta bikoizten du – “ Ordutan  egongo nintzen geltoki batean  kartel bati begira” ( A, 118 )  baina , baita  pertsonei ere : “ Ez naiz zurengana joaten ideia baten bidez,  begirada behin eta berriz berriztatuz baizik” ( GB, 84 ). Eta itzulbide aktiboa da, oso ondo metaforizatua, Handkek egiten duen ibilbide eta ibiltarien apologia iraunkorrean: “ Auzo  periferikoetan barrena  egindako ibilaldiek aurrez  irudikatu gabeko  inguru mapa bat jarri zidaten agirian  ,   geroago, urteetan zehar  margotzen  saiatu nintzena “ ( KG, 97 ).

Hau da, orduan, Peter Handkeren eginkizuna : intriga gabeko narratiba baterako idazketa berria asmatzea. Intriga gabeko narratiba bat  mundu biziranzko zubia  eraikitzeko idazketaren bidez: “ Sarritan esaten diot nere buruari: ez argitaratu ezer, baina , mesedez,  ez  idazteari laga , loretokian zehar joaten den pinpilinpauxa ori horretaz, bera   arkeologo bat bihurtzen delako zuretzat,   zuhaitzak eta  landarea hobeto  ikus ditzazun ” [13].

 

 

e-posta: vhuici@bergara.uned.es

web-orrialdea: www.uned/ca-bergara/ppropias/vhuici

 

-.-

 

BIBLIOGRAFIA

 

[ A ] Aber ich lebe nur von den Zwischenraümen ( 1987 ) Pero yo vivo solamente de los intersticios. Diálogo con Herbert Gamper , Gedisa,  1990 .

 

[ AW  ] Als das Wünschen noch geholfen hat ( 1974) Cuando desear todavía era útil, Tusquets,  1983 .

 

[ CH ] Der Chinese des Schmerzes ( 1983 )  Le Chinois de la douleur, Gallimard, 1990 /El chino del dolor ,  Alfaguara, 1988.

 

[ GB ] Die Geschichte des Bleistifts ( 1982 ) / L ´Histoire du crayon, Gallimard, 1991 / Historia del lápiz. Materiales sobre el presente,  Península, 1991

 

[ GW ] Das Gewicht der Welt ( 1979 ) Le poids du monde, Gallimard, 1996 / El peso del mundo,   Laia, 1984 .

 

[ KG ] Kindergeschichte ( 1981 )/ Histoire d´enfant, Gallimard, 1998, Historia de niños, Alianza,  1986.

 

[ LH  ] Langsame Heimkehr ( 1979 )/  Lent retour  , Gallimard,  1982 /Lento regreso   Alianza, 1985.

 

[ LS  ] / Die Lehre der Sainte- Victoire ( 1980 ) La Leçon de la Sainte-Victoire, Gallimard, 1998 /  La doctrina del Sainte-Victoire , Alianza, 1985.

 

[ UD]  Über die Dörfer ( 1981 )  Par les villages, Gallimard,  1983 / Por los pueblos,  Alianza, Madrid, 1986 .

 

[ WR ] Eine winterlichte Reise zu den Flüssen Donau, Save, Morawa und Drina ,oder Gerechtigkeit für Serbien ( 1996 ) / Un voyage hivernal vers le danube, la save, la morava, la drina , Gallimard, 1996/ Un viaje de invierno a los rios Danubio, Save, Moravia y Drina  o Justicia para Serbia,  Alianza,1996 .

 

 

-.-

 

Vicente Huici, Bergarako UNEDeko irakaslea  da  eta Peter Handkeri buruzko nazioarteko web-orrialdearen adar erromanikoaren arduraduna - http://www.handkeromance.scriptmania.com. 1985ean Teoría del extraño movimiento ( 25 haiku) argitaratu zuen.

 

( 2004ko ekainean agertu zen  35 Hegats literatur aldizkarian)

 



[1] .- Esker anitz Tere Irastortzari egindako iradokizunegatik.

[2] .- Peter Handkeren bizitza eta lanari buruz, ik., GOLDSCHMIDT, G.- A. Peter Handke, Seuil, Paris 1988.; HUICI, V. “ Peter Handke: una escritura de la duración”, Bitarte, 14, 1998, 121-126 o.;  “ Peter Handke: ¿ sugerencias desde una narrativa antitrágica?”, El bienestar de la cultura, Euskal Herriko Unibertsitatea, Bilbao, 2000, 291-299 o. Nazioarteko web-orrialdea: http://www.handke.scriptmania.com

[3] .- Aipamen guztiak, Vicente Huicik euskeratuak.

[4] .- Ik. Bibliografia.

[5] .- Haikuri buruz , ik. , adib., HUICI, V. “Una forma de la contemplación ( dos notas sobre el haiku) “ , Bitarte, 5 zenb. , 1995, 109-116 o.

[6] .- Budismo-Zeni buruz, ik. , DESHIMARU, T. La práctica del Zen, Kairós, Barcelona, 1979; SUZUKI, D.T.- FROMM, E. Budismo zen y psicoanálisis, FCE, Madrid, 1979.

[7] .- GUIBERT, H.  “ Entrevista a Peter Handke”, Sur Exprés, 9 zenb.  , apirila, 1988, 15 o.

[8] .- GARCIA-WETZLER, I. “Peter Handke en la carretera”, El País, 1989ko irailak 3, Libros sez. II o.

[9] .- Espazio eta denboraren gaietaz Handkeren lanetan, ik. PARDO, J. L. Sobre los espacios: pintar, escribir, pensar. Serbal, Barcelona, 1991; COMETA, M. “ Umbrales del abandono: espacio, tiempo y paciencia en Heidegger y Peter Handke”, Debats, 55 zenb. , martxoa, 1996, 54-65 o.

[10] . – Aspektu horretaz, ik :  AZUA, F. “ El lugar del cuento” , Claves, 78 zenb. , 1997, 57-60 o.

[11] .- Ik. WITTENBERG, S. “ La mirada que pinta. Escritura y pintura en Peter Handke”, La Balsa de la Medusa, 35 zenb. , 1995, 21-34 o.

[12] .- Edmund Husserlen zentzuan. Ik.  WR, 53.

[13] .- Ik. GUIBERT, zit. 18 o.